2012-09-11 (azken aldaketa 2012-10-01 13:23)
Diputatu Nagusiaren Kabinetea
Gipuzkoako Foru Aldundira iritsi bezain laster jakinarazi genuen bestelako politika bat egitera etorri ginela eta politika berri horren ardatzetako bat herritarrekiko hurbiltasuna eta herritarrekin batera lan egitea izango zela argi utzi genuen. Horregatik, iazko udazkenean, Aldundira iritsi eta gutxira, Kontuak Garbi ekimena jarri zuen martxan Aldundiak, herritarrei 2012ko aurrekontuen berri emateko. Eskualdez eskualde garatutako ekimen xume baino garrantzitsua izan zen, lehen aldiz Aldundiko arduradun nagusiak eskualdeetara joan baitziren aurrekontuen berri zuzenean herritarrei ematera. Ekimen garrantzitsua izan zen Aldundiarentzat, herritarrei iragazkirik gabe, zuzen zuzenean, informazioa emateko aukera izan baitzuen.
Era berean, gerora lau urte hauetako Gobernu Programa eta Aldundiaren egitasmo nagusiak aurkeztera ere herritarrengana joan ziren Foru Aldundiko ordezkariak.
Aurten bide horretan sakondu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, horregatik, Herritarrekin ekimena jarriko du martxan. Aldundiko ordezkaritza bat, ahaldun nagusia buru dela, eskualdeetara aurrekontuez aritzera joango da. Lehenengo bilera sorta datorren astelehenean, irailaren 17an, hasiko da eta urriaren 3ra arte iraungo du, eta Aldundiaren egitasmoei buruz hitz egiteko izango da. Esan bezala, Aldundiak herritarrekin harreman zuzena izan nahi du, hurbileko erakunde bihurtu, baina aurtengoa ez da aurkezpen soila izango, baizik eta feed-back-a bilatuko du, herritarrek zein iritzi duten jakiteko. Horrez gain, sarea osatzen joatea ere badute helburu bilerek, oso garrantzitsua baita harreman bideak antolatzea eta erraztea.
Bileretan landuko diren gaiei dagokionez, esan bezala, aurrekontuak izango dira ardatz eta bilera guztietan bi arlo izango dira nagusi: gizarte politika eta garapen ekonomikoa eta fiskalitatea. Gipuzkoako Foru Aldundiak bi gai horiek aukeratu ditu, funtsezkoenak iruditu zaizkiolako. Batetik, gaur egungo egoeran gizarte politikak bermatzea eta herritarren ongizatea ziurtatzea ezinbestekotzat du Aldundiak, eta gizarte politikak Aldundiaren aurrekontuaren erdia hartzen duenez, oso garrantzitsua da gai horri buruz herritarrek duten iritzia jakitea. Bestetik, krisi ekonomikoari aurre egiteko eta sektore publiko indartsu bat bermatzeko, Aldundiak beharrezkotzat du garapen ekonomikoari eta fiskalitateari buruz jardutea. Aldundiak fiskalitate justuago baten aldeko apustua egin du hasieratik eta herritarrek gaia nola ikusten duten jakin nahi du. Aldundiak aurrekontuak landu bitartean herritarren iritzia jasoko du, eta hala horiek aurrekontuetan txertatzeko aukera izango du.
Bi gai horiek lantzeko bilera bakoitzean bi lantalde antolatuko dira, eta herritarrek bietako zeinetan parte hartu nahi duten erabaki beharko dute. Aldundiak bilera arinak eta eraginkorrak egin nahi ditu, izan ere, erronka da bi gai horiek edonork ulertzeko moduan planteatzea, denek ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Aldundiak herritarrengana hurbildu nahi du eta halaber, gaiak ere herritarrei hurbildu nahi dizkie, arrotz ez izateko eta erraz ulertzeko. Horregatik, herritar guztiei bertaratzeko deia egiten diegu, guztion parte hartzea oso garrantzitsua baita benetako Gipuzkoa berria eraikitzeko.
Aipatutako bilera sortaren ostean, azaroan, beste bilera sorta bat egingo du Aldundiak, 2012ko balantzea plazaratzeko eta 2013ko aurrekontu proiektuaren berri emateko.
EGITASMOAREN EGUTEGIA
Bilera guztiak 19:00etan hasiko dira.
© 2012 Diputatu Nagusiaren Kabinetea - Gipuzkoako Foru Aldundia • Legezko informazioa • Pribatutasun politika