2012-06-05 (azken aldaketa 2012-06-11 09:39)
Ingurumena eta Lurralde Antolaketa
Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko estrategia aurkeztu du gaur goizean Batzar Nagusietan. Estrategia honek Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren 2008-2016 eguneratu eta gaur egungo errealitatera egokitu du. Izan ere, aurreikusitako hondakin sorrera % 12 murriztu da gaur egun, eta horrek, hondakinen tratamenduari eman beharreko neurriak berriro planteatu beharra dakar berarekin.
Gaur goizeko aurkezpenean Juan Karlos Alduntzin Ingurumeneko diputatuak eta estrategia diseinatu duten Europako bost adituetako lauk hartu dute parte: Joan Marc Simón Llumà zientzia ekonomikoetan lizentziaduna eta Zero Waste Europe mugimenduko zuzendaria; Laia Valenzuela Ingurumen zientzietan lizentziaduna eta udal kudeaketan espezializatua; Frederic Puig Magrinyà Spora Serveis Ambientalseko sortzaileetako eta zuzendarietako bat, eta Martin Steiner hondakinen kudeaketan eta uraren babesean espezializatua eta Europako Inbertsio Bankuaren proiektu ebaluatzailea.
Foru Aldundiaren estrategiak 2014an Gipuzkoako gaur egungo hiru zabortegi kutsakorrak ixtea, sei konpostaje planta sortzea eta Zubietan biometanizazio planta bat egitea aurreikusi du: planta horrek energia berriztagarria sortuko du. Azpiegitura sare osoa egiteko orain arte aurreikusitako diruaren erdia erabili beharko da. Estrategiak aurrerapauso handia emango du gaur egungo egoerarekin alderatuta, sortutako hondakin guztiak tratatzea ahalbidetuko du eta. Era horretan, Gipuzkoak Europako araudia beteko du.
Prebentzio arloari ere garrantzi berezia emango dio estrategiak: 2016rako hondakin sorrera % 4 murriztuko da. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak dioenez, sortzen ez dena da hondakin onena. Bilketari dagokionez, 2016rako lurralde osoko hondakin guztien % 60 gaika biltzea aurreikusi du estrategiak. Autokonpostajea eta konpostaje komunitarioa sustatzeaz gain, elikagaien xahuketa eragoztea ere aurreikusi du.
Gaur goizean estrategia Batzar Nagusietan aurkeztu ondoren, gaur arratsaldean Gipuzkoako Hondakin Partzuergoari aurkeztuko dio Foru Aldundiak. Eta bihar arratsaldean, Aholku Batzordearen txanda izango da. Ondoren, herritarrekin izango dira foru ordezkariak eta planaren egileak: bihar bertan Donostiako San Telmo museoan izango da lehen bilera, 19:00etan. Ostegunean, Pasaiako Trintxerpeko Alkateordetzan eta Zarauzko Antoniano ikastetxean egingo dira aurkezpenak, eta ostiralean, Arrasateko Kulturaten eta Tolosako kultur etxean. Lau bilera horiek ere 19:00etan hasiko dira.
© 2012 Diputatu Nagusiaren Kabinetea - Gipuzkoako Foru Aldundia • Legezko informazioa • Pribatutasun politika