Prentsa Bulego Digitala

Europako Zero Zabor mugimenduaren biltzarrak Europako politikariak, hondakinetan adituak eta bestelako eragileak elkartuko ditu hilaren 11tik 13ra, Donostian

2012-05-03 (azken aldaketa 2012-05-15 08:39)

Ingurumena eta Lurralde Antolaketa

Europako hainbat politikari, hondakinen kudeaketan zenbait aditu eta bestelako eragile batzuk Donostian izango dira maiatzaren 11tik 13ra bitartean, Europako Zero Zabor sarearen urteroko biltzarrean. Horiez gain, Asiatik eta Estatu Batuetatik etorritako behatzaileak izango dira. EuropakoZero Zabor mugimenduak aurten Gipuzkoa aukeratu du urteroko biltzarra egiteko. Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia ekimenaren babesle nagusiak dira.

Zero Waste Europe sarearen biltzar ofiziala, berez, maiatzaren 12an eta 13an izango bada ere, bezperan eta hasierako egunean hainbat hitzaldi eta ekitaldi izango dira, Zero Zabor politikekin lotuta. Hemen egitaraua.

Ainhoa Iraola Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako zuzendariak, Nora Galparsoro Donostiako zinegotziak eta Joan Marc Simon Zero Waste Europe mugimenduaren koordinatzaileak aurkeztu dute biltzarra gaur Donostian. Iraolaren esanetan, biltzarra Gipuzkoan egiteak garrantzi berezia dauka. “Batetik, Europako beste herrialdeetan zer egiten ari diren jakiteko aukera paregabea eskaintzen digu biltzar honek. Europako Batzordea hondakinak kudeatzeko hartzen ari den norabidearen berri izateko aukera ematen digu. Egunotan Gipuzkoan izango diren eragileekin eta adituekin lankidetza sustatu ahal izango da”, adierazi du.

Bestetik, Gipuzkoan hondakinak kudeatzeko norabide berria nazioarteari erakusteko aukera bikaina dugu”, esan du Iraolak. Gipuzkoan Zero Zabor politiken bidez lortutako emaitza onak kanpoan ere ezagutu ahal izango dituzte. Biltzarreko kide gehienak egun bat lehenago etortzea eskertu du Ingurumeneko zuzendariak. “Modu horretan, Gipuzkoako errealitatea gertutik ezagutzean, eta Zero Zabor politiken aldeko eragileak ezagutzerakoan, lankidetza hitzarmenak martxan jarri ahal izango dira”.

Gipuzkoako hautetsi guztiak gonbidatu dituzte larunbateko ekitaldi instituzionalera. Zero Waste Europe mugimenduko kideek Gipuzkoaren kasua ezagutuko dute, eta Europan hondakinak biltzeko martxan jartzen ari diren esperientzia aitzindarien berri emango diete.

Horrez gain, hitzaldi irekiak izango dira Donostian eta Arrasaten, Paul Connett estatubatuarraren eta Enzo Favonio itariarraren eskutik. Arduradun politikoek eta herritarrek Zero Zabor politiken inguruko informazioa jaso ahal izango dute.

Joan Marc Simonek biltzarraren inguruko xehetasunak eskaini ditu prentsaurrekoan. Datozen hamabi hilabeteetan hartu beharreko norabidea definituko dute datorren asteburuan. Era berean, Zero Zabor adierazleak definitzeko ahaleginak egingo dituzte eta hainbat lekutako esperientzia eredugarriak aztertuko dituzte. Leku ezberdinen arteko lankidetza proiektu batzuei heltzeko asmoa ere badute antolatzaileek.

Gipuzkoa Zero Zabor taldeak Zero Waste Europe sarean sartzeko eskaera egingo du, eta larunbatean biltzarrean parte hartzea espero dute, beste kideen modura.

Kazetariek ostiraleko bisitan parte hartzeko aukera izango dute eta Enzo Favoniori edo Paul Connetti elkarrizketak egin ahal izango dizkiete Usurbilen. Interesatuek deitu 943112285 zenbakira edo bestela idatzi prentsabulegoa@gipuzkoa.net helbidera.

© 2012 Diputatu Nagusiaren Kabinetea - Gipuzkoako Foru Aldundia • Legezko informazioaPribatutasun politika

Gipuzkoa.net logotipoa