Prentsa Bulego Digitala

Errepideen egoera ezagutarazteko eta finantziazio sistemari buruzko gogoeta bultzatzeko kanpaina abiatu du Aldundiak

2012-05-02 (azken aldaketa 2012-05-10 14:41)

Mugikortasuna eta Bide Azpiegiturak

Horretarako, hainbat bide jarri ditu martxan. Batetik, Batzar Nagusietan ponentzia eratu da errepideen finantziazioari buruz hitz egiteko. Bertan, herritarrek ere parte hartzeko aukera izan dute orain arteko saioetan, baina ordutegiak jendearentzat oso aproposak ez direla jakinik, irekitzear den gogoeta fasean internet bidez ere parte hartzeko aukera emango zaio jendeari. Bestetik, Gipuzkoako hainbat herritako alkateekin bilerak egin ditu Aldundiak, errepideen egoera azaltzeko eta Foru Aldundiaren planteamendua ezagutarazteko, eta era horretako bilera gehiago egiten jarraituko du.

Baina, horrez gain, oso garrantzitsutzat du jendeari zuzenean egoeraren eta planteamenduen berri ematea. Horregatik, esku-orria bat kaleratu du Aldundiak eta Gipuzkoako etxebizitza guztietara helaraziko du. Izan ere, jendeak iritzia eman dezan ezinbestekoa da informazioa izatea eta egoera zein den ezagutzea.

Esku-orri honen bidez lau arlo azaldu nahi izan ditu Aldundiak:

  1. Gaur egungo egoera:
    • Gaur egun 1.330 kilometro errepide daude Gipuzkoan, eta 1997tik 2.500 milioi euro inbertitu dira errepideak egiteko.
    • Errepideen kontserbazioan inbertitu beharrekoa, ordea, ez da era berean handitu eta, ondorioz, defizit historikoa 140 milioikoa da; horrek esan nahi du errepideak ongi uzteko hori inbertitu beharko litzatekeela, baina, zifra horri N-1 errepidea eta GI-20 (Donostialdeko bariantea) egoki uzteko behar diren 90 milioiak gehitu behar zaizkio. Beraz, guztira, 230 milioiko defizit historikoa dugu.
    • Zorra ere elementu garrantzitsua da. Gaur egun Bidegik 900 milioiko zorra du eta zor hori 2032ra artekoa da. Zor hori Bidegiren plan ekonomiko-finantzieroarekin lotuta dago: horren arabera urtero Bidegik bidesarien bidez diru jakin bat bildu behar du, baina errealitatea da 2011. urtean ez duela diru hori jasotzea lortu eta jaso beharreko diru kantitatea handituz doala. 2011n aurreikusitako 110 milioien ondoan 102 jaso badira, nola pentsa liteke 2012an 118 lortuko direla? Bidegik helburuak lortzen ez baditu, azken erantzulea Aldundia da. Beraz, epe laburrean arazoak izan ditzake Aldundiak.
    • Hori gutxi ez, eta aurreko agintariek 730 milioi inbertitzea eskatzen zuten errepide berriak hitz eman zituzten: Andoaingo saihesbidea, Mutriku-Sasiola, Irungo saihesbidea, Zarauzko saihesbidea…

Egoera honen aurrean Gipuzkoako Foru Aldundiak tentuz jokatzeko garaia dela aldarrikatu nahi du, ez da proiektu handiak eta handinahiak egiteko ordua, baizik eta aukera guztiak aztertu eta egokienak ongi aukeratzeko garaia.

  1. Gaur egungo finantziazioa:

Gaur egun bi sistemen bidez finantzatzen dira errepideak:

    1. Foru Aldundiaren aurrekontuen bidez, hau da, %100 gipuzkoarren diruarekin. Aldundiaren aurrekontuaren %43,4 gizarte politikara bideratzen da, eta Aldundi honentzat zaharren egoitzak, eguneko zentroak, adingabeen babeserako politikak… funtsezkoak direnez ongizatea mantentzeko, argi dago aurrekontuak ez direla hortik murriztuko errepideak finantzatzeko. Beraz, zaila da aurrekontuen bidez askoz ere finantziazio gehiago lortzea.
    2. Bidesariak. Bidesariek gipuzkoarren arteko desoreka eragiten dute. Izan ere, gipuzkoarrentzat deskontu handiak dauden arren, autopisten inguruan bizi edo lan egiten duten herritarrek horiek hartzea beste aukerarik ez dute eta, askotan, dirutza utzi behar izaten dute. Bergaran bizi eta Donostian lan egiten duen pertsona batek, deskontu guztiak aplikatuta ere, 93 euro uzten ditu hilero autopistan, hau da, Bergarako batek urtero 1.000 euro baino gehiago jorratzen ditu, eta Hernanin bizi eta Zarautzen lan egiten duen norbaitek 23 euro hilero. Aldiz, Tolosan bizi eta Donostian lan egiten duen batek ez du ordainsarietan ezer ordaintzen.

      3.    Ezinbesteko lanak:

Mugikortasun eta Bide Azpiegitura Departamentuaren ustez, hainbat lan egitea ezinbestekoa da mugikortasunaren ikuspegitik: esaterako, 1.330 kilometro errepide mantentzea, ezinbesteko proiektu berriak eta egokitzapenak egitea, mantentze zerbitzu berezia bermatzea (hau da, neguko zaintza, istripuak…), garraio publiko sistema egokia bultzatzea, Lurraldebus, txartel bakarra eta abar sustatuz.

2012. urtean Departamentuaren aurrekontua 96 milioiko da eta bidesarien bidez 102 milioi lortu dira, baina mantenurako eta ezinbesteko lanak egiteko 280 inguru beharko lirateke.

  1. Finantziazio sistema egokia:

Orain arte aipatutako guztiagatik, Aldundiaren iritziz, ezinbestekoa da finantziazio sistema bidezkoenaren alde egitea. Horretarako, hainbat kontu hartu behar ditugu kontuan; esaterako, Europako legeek ez digutela bertako garraiolariak era positiboan diskriminatzen uzten, Europak sare nagusiko errepideetan bidesaria jartzea gomendatu duela eta zor eta mantenu gastu handiak ditugula. Hala, finantziazio sistema egokiena zein den zehazteko lau galdera planteatu ditugu:

    • Erabiltzaile gipuzkoarren arteko oreka bilatu behar du sistemak?
    • Gipuzkoarrek ez ezik, bertatik pasatzen direnek ere ordaindu behar dituzte errepideak?
    • Kontuan hartuta erabiltzaile guztiok, garraiolari zein gainerako gidariek, kutsatzen dugula, gastua denon artean konpartituko duen sistema da egokiena?
    • Kalitatezko garraio publiko merkea eta errepideen egoera ona bermatu behar du?

Aldundiaren ustez, galdera horiei baietz erantzungo dien sistema izango da egokiena, eta hori bilatzeko lan egingo du. Hori zehazteko urratsak ematen ari da, eta proposamen itxiago bat duenean jakinaraziko die herritarrei. Bitartean gaiari buruzko gogoeta egitera bultzatu nahi ditu herritarrak.

 

Joseba Altube Bide Azpiegitura zuzendaria eta Larraitz Ugarte diputatua Larraitz Ugarte Bide Azpiegitura diputatua eta Joseba Altube zuzendaria Diptikoaren azala Diptikoaren bigarren orrialdea Diptikoaren hirugarren orrialdea Diptikoaren kontrazala

© 2012 Diputatu Nagusiaren Kabinetea - Gipuzkoako Foru Aldundia • Legezko informazioaPribatutasun politika

Gipuzkoa.net logotipoa